Ezagutu Sondika

 

Torretxu baserria. Sangronizen dago kokatuta, eta, seguruenik, abizen horretako leinuaren dorrea da. Bi isurialdeko eraikina da, eta harlanduzko hormak ditu. Gaur egun, jatorrizko bao batzuk daude ikusgai, eta handiena zorrotza da. Gaur egun, nahikoa hondatuta dago, eta ez da lehen bezain garaia. Nolanahi ere, oraindik ageri-agerikoa da hormetako aparailu gotikoa kalitatekoa zela eta arku zorrotz horretako dobelak oso ondo landuta daudela. Beharbada, patindun sarbidea eduki zuen beste garai batean. Bere perimetroan, gainera, zenbait gezileiho daude ikusgai.

Arkitektura funtzionalaren barruan, Izarza auzuneko modulu bakuneko eskolak nabarmendu behar dira, baita gaur egun Eusko Jaurlaritzako zenbait zerbitzuren egoitza den antzinako udaletxea ere. Jauregi neobarrokoa da, lau isurialdeko eraikin kubikoa den Batzokia bezala.

Artxandako haizerrota

Baserri eta herri-eraikinei dagokienez, nahiz eta askotan eraldatu dituzten, oraindik ere armazoizko antzinako egiturak antzematen dira zenbaitetan: Kaminoa, Izarzan; Aresti Erdikoa, Aresti bidean; Boskotxe, Beiken; Etxepinto, Asuan; eta Enekone zein Gaskoetxe, Sangronizen. Baserri horiek XVI. mendeko bigarren zatian eta hurrengoaren hasieran eraiki zituzten.

Geroxeago, XVIII. mendearen amaieran, Larrondo Goikoa eta Ugaldeko baserriak eraiki zituzten. Egitura eramailea harrizkoa da, eta egurraren erabilera subsidiarioa da fatxadako bilbaduran eta ensolibatuan. Ataripean, mentsula molduratuak daude, eta, euren gainean, ateburu moduan erabilitako karrera-habea dago jarrita.

Hurrengo mendean, Beikeko Palacios baserria eta Olako Jauregia dira Sondikako landa-arkitekturako eraikin nabarienak. Baserria, hain zuzen ere, harlangaitzezko eraikin kubikoa da, eta bi solairu zein teilatupea dauzka. Fatxada nagusian, alboko ezproiak daude, fatxaden arteko balkoia jarraitua da eta baoak dinteldunak dira. Jauregia, ostera, lau isurialdeko teilatudun eraikin kubiko handia da. Fatxada oso aldatuta dagoen arren, alboko ezproietan oinarritutako balkoi jarraituaren araberako banaketa bere horretan dago.

XIX. mendean, aldaketak egon ziren, nekazarien etxeetako ataripea desagertu egin zelako eta, haren ordez, barruko ezkaratza jarri zutelako. Horixe bera gertatzen da Berreteaga baserrian. Harlangaitzezko eraikinak bi solairu eta bi isurialdeko teilatua dauzka. Baoak dinteldunak dira, eta konposizio neoklasikoaren jarraibideen araberako koadrikula osatzen dute. Era berean, Beresa Torre eta Usena Bekoa baserriak ere badira eredu berri horren adibideak.

Sondikako ondare nabarienari buruzko atalari amaiera emateko, Artxandako haize-errota nabarmendu behar dugu. 1725ean, Manuel de Bildosola jabe nagusiak eta jabetzaren herena zeukan Juan de Herrerok eraiki zuten erdibana. Horrelako erroten artean, aitzindaria izan zen Bizkaian.

Sondikako Udala
Helbidea: Goronda Gane Bidea, 1
Telefonoa: 94 453 50 10 / Faxa: 94 471 03 24