Historia

Sondika

Sondikako elizateko ahalordedunek batzarreko 44. eserlekua zuten Bizkaiko Jaurerriko Batzar Nagusi historikoetan, eta elizateari buruz hitz egin duten zenbait autore bat datoz honako xehetasun egoki-egoki hau egitean: Sondika ez da berezko parajea, udalerri horretako auzoek osatutako multzoa baino.

Bertoko historia XII. mendean hasi zela esan daiteke: Aita Santuaren buldaren babespean, Asuako jaunek eliza eraiki zuten euren lurraldean, bandoen arteko guda etengabeetan laguntzen zieten basailuak elizkizunetara erosotasun handiagoz joan zitezen, Erandioko Andra Maria parroquia urrun samar zegoelako. Tradizioaren arabera, gainera, Sondikakoak ez ezik, Ondiz, Fano eta Leioako fededunak ere baziren parrokia horretakoak.

Beraz, XII. mendearen hasieran, Sondikak bere eliza zeukan, aireportuko lanak direla-eta antzinako parrokia-tenplua eraistean agertutako kapitel erromaniko ederra, alegia. Kapitela, hain zuzen ere, angeluduna eta txikia da, 29 cm-ko altuera eta 17 cm-ko alboa baino ez baitu. Lanketa finekoa da, eta hegodun zein lau hankadun bi animalia ditu apaingarri. Lehenengoak, gainera, aurrealdeaz zapaltzen du bere abakoaren arabera ezaugarri erromanikoak dituen buru groteskoa. Dena dela, Sondikan San Joan Bataiatzailearen eliza hori egon arren, ez du esan nahi osteko garaietan beste eraikin erlijioso batzuek ordezkatu ez dutenik; Esate baterako, San Mames baseliza. Fededunak bertara joaten ziren, igandeko edo jaiegunetako derrigorrezko meza entzutera, adineko sondikoztarren ahozko tradizioaren arabera. Inguruabar hori behin baino gehiagotan gertatu zen joan den mendean, gudaroste frantsesak eta beste era batekoak parrokia-eraikina larrialdietarako kuartel moduan okupatu zutenean.

Okupazio militar horren ondorioz, biztanleek gudarosteen mantenu-gastuak ordaindu behar zituztenez, Sondikako elizatea txirotu egin zen oro har.

Gertaera historiko horren haritik, tragediari buruzko oso akta esanguratsua txertatuko dugu. Honako hauxe dio:

Sondikako elizateko udaletxeko aretoan, 1805eko azaroaren 2an, ohituraren arabera batzartu dira Juan Antonio de Landa, elizate honetako fiel errejidorea, eta Diego eta Pedro de Jauregi zein Juan de Ugartetxe, goragoko ordenaz izendatutako kaboak, batzarrean bertan elizateko gaiak jorratzeko. Nahiz eta beste kabo eta fiel bat ez bertaratu, batzarra egin dute, eta honako hauxe izan dute hizpide: elizate honek hartzekodunei eskatu nahi die itxaroteko, jendea bakean uzten ez dutelako eta herriak egunez eguneko kargei aurre egiterik ez duelako.

Bertaratutakoek horren berri eduki dutenean, elizateko auzokideak eta biztanleak erabateko kargapean daudela esan dute, sukaldekako banaketan asko gastatu dutelako eta elizate honetan finkatutako gudarosteen mantenurako propio eta arielik ez dutelako. Hori dela eta, guzti-guztiari aldi berean aurre egiterik ez dutenez, erreal batzuen ondorioz daude itota eta justiziaren mehatxupean. Beraz, auzokideek eta biztanleek euren laborantza eta lurretan estu eta larri ibili ez daitezen eta herriak ohorez bizirauteko aukera izan dezan, Jaurerriko alkate nagusi jaunari eskatu diote bi urtez edo urte gehiagoz edo jaunarentzat egokia den epealdian itxaroteko eta sasoi horretan herritarrak atzerapenengatik ez estutzeko, Jaurerriko arielak bere garaian ordaintzen saiatuko direlako, gainera. Halaxe agertu dadin eta behar besteko ondorioak izan ditzan, dekretu hau egiteko agindu didate eta sinatu egiten dut. Nire aurrean, Juan Bautista de Belka.

  • Txorierriko Mancomunitatea
  • Euskadi, Goza ezazu
  • Nekatur
  • My Bilbao Bizkaia

Ondare historiko-artistikoa

Informazio gehiago

Sondikako Udala
Helbidea: Goronda Gane Bidea, 1
Telefonoa: 94 453 50 10 / Faxa: 94 471 03 24